Bob Corritore

1956ko irailaren 27an Chicagon sortua, Bobek 12 urte zituenean entzun zion lehenengo aldiz Muddy Waters musikariari irratian, eta horrek betirako aldatuko zuen bere bizimodua. Urte bete geroago aho-soinua jotzen zuen eta blues generoko diskoen bilduma osatzen zuen. Gazte zelarik blues emanaldietan izaten zen, eta ikasten ari zen institutuko gimnasia aretoan Muddy Watersen emanaldi batekin gozatzeko parada izan zuen. Maxwell Streeten, John Henry Davisen ondoan zaildu zen blues klubetan sartzeko nahikoa adina izan zuen arte. Big Walter Horton, Little Mack Simmons, Louis Myers, Junior Wells, Big John Wrencher eta Carey Bell bezalako aho-soinulari handien inguruan ibili izan zen, eta haietako askok emandako aholkuen hartzaile izan zen. Sarritan izan zen Aces, Howlin 'Wolf, Muddy Waters, Billy Boy Arnold, John Brim, Sunnyland Delgado, Smokey Smothers eta Eddie Taylor bezalako artisten zuzeneko emanaldietan, eta horietako blues musikari beterano asko eta asko lagun egin zituen. 70. urteen amaieran eta 80. urteen hasieran Tail Dragger, Big Moose Walker, Willie Buck, Louis eta Dave Myers eta Eddie Taylorekin lan egin zuen Corritorek. Garai hartan ere aurreneko grabazioak egin zituen estudioetan, eta dagoeneko klasiko bihurtu diren album horiek osatzeko Little Willie Anderson eta Big Leon Brooks bezalako aho-soinulari handiak izan zituen lagun.

Egungo bluesaren panoramako aho-soinulari handi eta errespetuenetakoa da Bob Corritore. Gaztetan zuzenean Chicagoko jatorrizko Bluesaren aitzindari askorengandik ikasitako eskola zaharreko interpretazio moldeari eusten dio Boben estilo biziak. Aho-soinua jotzeko duen trebezia eta modu sutsua orain arte HighTone, HMG, Blue Witch, Blind Pig, Earwig, Ruf, Putumayo, Random Chance, y el VizzTone Label Group eta Delta Groove bezalako zigiluekin kaleratutako 50etik gora lanetan egiaztatu daiteke. Azken etxe handi horrekin du kontratua une honetan. Boben grabazio arrakastatsu asko eta asko hainbat sari jasotzeko izendatuak izan dira, edo sariak jaso dituzte: Handy, Grammy, Blues Music Awards eta Blues Blast Music Awards. Bestalde, Bob oso ezaguna da blues taldeko burua delako, klub baten jabe delako, ekoizlea delako, irrati esataria delako, arteen fundazio baten sortzaile delako eta, tarteka, baita idazlea ere. Haren www. bobcorritore. com web atari zoragarriak eta asteroko aldizkari elektronikoak agerian uzten dute bizitza bluesari emana duela.