Sugar Blue

Grammy baten irabazlea den Sugar Blue armonizista, ez da ohiko bluesmana. James Whiting New Yorkeko Harlem auzoan jaio zen. Bere ama, Apollo Antzokiko dantzari eta abeslari zen. Haurtzaroa bere amak ezagutzen zuen musikari eta artisten artean eman zuen, besteak beste, Billie Holliday tartean zegoelarik. Orduantxe ohartu zen, berak ere musika munduan murgildu nahi zuela.

Bluek Stan Getz, Frank Zappa, Johnny Shines eta Bob Dylan artistentzat jo du baina, ziurrenik ezagunago da, bere “Some Girls” diskoko Rolling Stonesen “Miss You” kantaren “solo”-a eta “riff”-a egin zituelako.
Bere izebak oparitu zion bere lehenengo armonika eta, Bob Dylan eta Stevie Wonder irratiz entzunez, egin zituen musika tresna horretan bere lehenengo urratsak. Sugar Bluek Dexter Gordon eta Lester Young jazz musikarien eragin zuzena izan zuen eta hauen guztien eraginari esker, berak bere bluesa jotzeko estiloa sortu zuen.

Kaletako musikari gisa hasi zen eta 1975ean, Brownie McGhee eta Roosevelt Sykes-ekin bere lehenengo diskoa grabatu zuen. Hurrengo urtean Victoria Spivey eta Johnny Shinesen hainbat grabaziotan ekarpenak egin ondoren, Parisa joan eta bertan, Menphis Slim piano-jotzailearekin jotzen hasi zen.

Frantzian zelarik, Rolling Stones taldeko partaideekin topo egin zuen eta azken hauek, bere musika liluraturik entzungo dute. Grabazio estudiora gonbidatu zuten eurekin jo zezan. “Some Girls” albumerako ekarpena egiteaz gain, Emotional Rescue eta Tattoo You abestietan ere entzuten ahal zaio. Askotan jo du Rolling Stones taldearen zuzeneko emanalditan eta nahiz eta, beraiekin geratzeko gonbita luzatu, Bluek eskaintza baztertu eta bere banda sortuko du.
1982an bi album grabatu zituen Crossroads eta From Paris to Chicago.