AND THE BLUES HONDARRIBIA AWARD GOES TO… LARRY TAYLOR Y FITO DE LA PARRA

Oraingo honetan bikoitza izango da Hondarribia Blues saria, eta oraindik ere Canned Heat taldean ari diren jatorrizko bi musikari emango zaie, New Yorkeko Larry Taylor baxu jotzaileari eta jatorri mexikarreko Adolfo “Fito” de la Parra bateria jotzaileari. Biek sortu zuten, beste musikari batzuekin batean, blues band arrakastatsu hau, 1967an.

Canned Heat, mundu mailan lehen postuko hiru disko lortu dituen talde bakarra eta musikaren historian disko gehien saldu dituen blues band izango da inaugurazio gaueko izar handia. Taldea 1965. urtean sortu zen Los Angelesen, Kalifornian, eta blues rock eta boogie rocken artean ibili da beti beren estiloa. Baina 60. urte amaieran Monterey eta Woodstock-eko jaialdi mitikoetan agertu zen arte ez zuen mundu mailan ospea lortu.  

2017 CHARLIE BATY

Txapel brodatua Charlie Baty estatubatuarrarentzat izango da aurtengoan. Izarra dugu bluesaren munduan eta bere belaunaldiko blues gitarra jotzailerik onenetakoa da. 1976an “Little Charlie & The Nightcats” banda sortu zuen.

2016 HENRY GRAY

Henry Gray musikariak David de Jorge zukaldariaren eskutik jaso zuen Bluesaldiaren 2016. edizioko irabazlea dela egiaztatzen duen txapela.

Gray 8 urte zituela hasi zen pianoa jotzen, eta tokiko elizan musikari gisa parte hartu ondoren, laster hasi zitzaizkion bere lehen kontzertuak ateratzen.

Gero bigarren Mundu Gerrara joan behar izan zuen, eta itzuli zenean, Henry Chicagora joan zen bizitzera. Han estudioko musikari gisa jo ahal izan zuen Chess Records zelakoan Chicagoko Bluesaren izen handi guztientzat.

1968. urtean Louisianara itzuli zen, eta hantxe gelditu da gaur egun arte. Azken hirurogeita hamar urteetan, Henry Gray-k artista handiei lagundu ahal izan die pianoan, Muddy Waters, Howlin’ Wolf, Billy Boy Arnold musikariei, esate baterako, eta baita Rolling Stones taldeari ere.

BOB STROGER

Inork ezin uka dezake Bon Strogerrek sari hau jasotzeko merezimenduak egin ez dituenik. 1955ean Chicagora joan zenetik, bluesari eman dio bizitza osoa Missouriko bluesman honek. Howlin’ Wolf eta Muddy Waters bezalako artistek jo ohi zuten klub baten gibelaldean bizi izan zen aurreneko urteetan hiri hartan. Eta hain zuzen orduan heldu zion amuak, harrez gero bluesari estu lotuta bizi izan baita.

Hasteko bere taldearekin jotzen, gero Eddie King bezalako artista handiekin, eta geroago, Otis Rush bezalako izarrarekin, besteak beste. Gaur egun izarra da Bob Stroger, oso ongi ordaindutako baxu jotzailea da.
2010. urteko jaialdian arrakastatsu gertatu eta gero, berriro ere itzuliko da Hondarribira Muddy Watersen 100. urteurrena eta jaialdiaren 10. urteurrena ospatzera eta Blues Hondarribia Award 2015 saria jasotzera.

2014 TAJ MAHAL

Bluesaldiaren bederatzigarren edizioan Tah Mahal musikariak jantzi zuen Hondarribiko Blues Sariari dagokion Txapela.

Ilusio berezia egin zigun sari horrek urte asko generamatzalako Tah Mahal gurera ekarri nahian, eta edizio hartan lortu ahal izan genuen. Gogora ekarri behar da Tajek 1967. urtean lehenengo diskoa grabatu zuenetik, besteak beste bluesa edo zydekoa bezalako sustrai amerikarretako musika ezagutarazten saiatu dela, eta bakarka egindako ibilbideaz gainera, Jefferson Airplane, Grateful Dead eta Rolling Stones bezalako taldeekin jo duela.

Bentako agertokian jardun zuen Taj Mahalek, larunbatean, uztailaren 12an.

Hondarribia Blues Saria Jaialdiarekin batean sortu zela gogoraraziko dugu, bluesaren izar bizion ibilbide artistikoa saritzeko xedean, gurean agian ez baitira behar luketen bezain ezagunak. Orain arte honako musikari handi hauek izan dira sarituak: Bob Margolin (2006), Hubert Sumlin (2007), James Cotton (2008), John Mayall (2009), Pinetop Perkins (2010), Johnny Winter (2011), Tail Dragger (2012), Eric Burdon (2013) eta Taj Mahal (2014).

2013 ERIC BURDON

Zalantzarik gabe, Eric Burdon izan zen 2013ko edizioko izarra edo, gutxienez, jakin-min handiena piztu zuen artistetako bat. Luzaroan gogoratuko da uztailaren 14an Bentako agertokian eskaini zuen emanaldia. Eta ez da harritzekoa kontuan badugu The Animals taldeko ahotsa izan dela Burdon eta non eta Hondarribian izan genuela.

Hain zuzen ere The Animals taldearekin egindako bidea aitortzeko erabaki zuen Bluesaldiaren antolakuntzak hari ematea 2013ko Hondarribia Blues Saria. Polita eta zirraragarria izan zen "The House of the Rising Sun" bezalako gai mitikoaren abeslaria txapela janzten eta sari horren mereziduna dela erakusten duen Erreginaren Baluartea jasotzen ikustea.

2012 TAIL DRAGGER

Chicagon inoiz entzun diren blues ahots autentiko eta partikularrenetakoa duen showmana da James Yancy Jones (Arkansas 1940), Tail Dragger gisa ezagunagoa.
Chester Burnettek (Howlin' Wolf) izan zuen eragin handia salatzen du haren ahots sakon eta urratuak, Wolf bera izan baitzen, gainera, Tail Dragger izengoitia jarri ziona boloetara beti berandu iristeko mania zuelako.

Tragikoa nahiz komikoa izan daiteke abesten duenean, baina inortxo ere ez du ez hotz ez bero uzten publikoa bere gaztaroko kotoi zelaietara, edo Chicagoko aldirietako klub ilun haietara eramateko duen gaitasunak, eta gaur egun oraindik ere jarraitzen du haietan abesten. Bere ibilbideak nahiz egiten duen eszenaratze bikainak mereziarazi diote Hondarribia Blues 2012 sari hau.

Ohorezko Saria

Aurten, lehenbiziko aldiz, ohorezko saria emango du Blues Hondarribia musika elkarteak. Pasa den urtean bluesaren bateria jotzaile handienetako bat, Willie "Big Eyes" Smith, zendu izana da horren arrazoia. Willie bi aldiz etorri izan da gurera talde desberdinekin, eta orain arte inoiz ez diogu saria eman, ziur baikeunden gehiagotan ere etorriko zela. Artista honen bat bateko heriotzak eraman gaitu sari hau lehen aldiz ematera jaialdiak duen zazpi urteko historian.

Gainera, haren seme Kenny Smithek jasoko du saria, hau ere oso ezaguna jaialdian, laugarrenez etorriko baita aurten.

Willie"Big Eyes" Helena, Arizonan 1936an jaio zen. Hamazazpi urte zi-tuela Muddy Waters lehenengo aldiz en-tzun ondoren, harri-turik geratu zen eta Chicagon geratzea erabaki zuen.
1954an Williek armonika jotzen zuen eta Chicagon urteetan jo zuen hirukote bat sortu zuen. 1954an Willie bateria jotzen hasi zen Little Hudson´s Red Devil hirukotean. Muddy Watersek, Willie bateria jotzen entzun zuenean berarekin jotzera gonbidatu zuen. 1961ean Willie jarri zuten taldean aurreko bateria kenduta.

Urte latzak suertatu ziren Blues musikaren inguruan eta Willie bateria alde batera utzita beste lan batzuk egiten hasi zen. 1968an berriro bateria jotzen hasi zen Muddy Watersekin 1980 urtera arte.
Honen ondoren Williek,Louis Myer, Calvin Jones , Jerry Portnoyekin , talde berri bat egin zuen "Legendary Blues Band" izenekoa. Bob Dylan, Howlin' Wolf, Buddy Guy, Junior Wells, Rolling Stones eta Eric Claptonekin jo du. Bere azkeneko diska "Way Back" da eta bertan armonika jotzen du berriro ere.

"Way Back" izan da haren azkeneko diskoa, 2010ean argitaratua, eta bertan harmonika jotzen du berriro ere, bere lehen musika tresna.
Joan den 2011ko irailaren 16an hil zen Willie.

2011 JOHNNY WINTER

John Dawson "Johnny" Winter (Beaumont, 1944-eko otsailak 23.a), hirurogeiko hamarkadan bihurtu zen blues elektrikoaren izar handia, eta Woodstock-eko jaialdirako kondaira bat zela esan dezakegu. Muddy Waters-en azken boladan bere azken hiru diskak ekoiztu zituen. Orain Winter Hondarribiara datorkigu bere azken lana eskaintzera, eta 2011. Blues Hondarribia saria jasotzera.

2010. PINETOP PERKINS

97 urte zituelarik, Pinetop Perkins-ek, Mississipiko bluesmen handienetakoak, bere azkenetako kontzertua eman zuen Hondarribian beste mito handiekin batera, hots, Willie "Big Eyes" Smith, Bob Margolin, Sugar Blue eta Bob Stroger. 1972. urte inguruan hasi zen bluesa jotzen eta blues pianojole onenetarikoa ikusia izan da bere azken egunetararte. Perkins-ek hiru blues pianojole belaunaldien inspirazioa izan den estilo pertsonala sortu zuen, eta gaur egun maisu handia da, blues musikan pianojole handien eredu.

2009 JOHN MAYALL

John Mayall (Macclesfield, Ingalaterra 1933) hirurogeiko hamarkadako “british blues” delakoaren ikono bat dugu. “Bluesbreakers” bere bandatik maila handiko musikariak pasatu dira, besteak beste: Eric Clapton (honekin taldeari ospea eman zion lehen diska grabatu zuen), Mick Taylor (ondoren Rolling Stone izandakoa), Peter Green, edo Mich Fleetwood (beranduago Fleetwood Mac taldea sortu zuen honek). John Mayall, urteen joanetorriarekin benetako musikari eskola batetan bihurtu zen, bere eskuetatik historian zehar ezagutu ditugun kitarrajole onenetarikoak ateratzen joan bait ziren.

Blues musika beti EEBB-ekin identifikatzen dugun arren, antolatzaileek Hondarribia Blues saria Mayall-I ematea erabaki zuten. Arrazoi nagusia: hirurogeigarren hamarkadan, bluesa ia guztiz desagertuta zegoenean, mugimendu britaniarra, John Mayall buruan zuela, izan zen gazteengan berriz ere musika horrekiko interesa piztu zuena. Haiei esker lortu zen guztiz baztertuak zeuden Muddy Waters, Howlin Wolf eta abar bezalako zenbait bluesmen Europara etortzea eta gure kontinentean ere bere merezimendua lortzea.

2008 JAMES COTTON

James Cotton (Tunica, Mississipi, 1935), “Superharp” ezizenez ezaguna, blues doinuan bizirik dirauen azken izarretako bat dugu. Little Walter edo Muddy Waters-en mailako bluesmenekin izan da eszenatoki baten gainean, eta Sonny Boy Williamson-ek ere “adoptatu” egin zuen. Ezer gutxiago esan daiteke Grammy bat eskuratu duen artista batetaz. 2008.ean azken urteetako kontzerturik onenetakoa eskaini zuen Hondarribian; hain pozik geratu zen bera ere, non “bis” bakarra ere egiteko ohiturarik ez zuen arren eszenatokira berriz ere guztiz hunkituta irten zen ikuslearen harrera ikusirik. Guztiz ohore bat!

2007 HUBERT SUMLIN

Hubert Sumlin-ek (Greenwood, Mississipi 1931) arrastoa utzi zuen Hondarribian. Bere musika handia bazen, haren umiltasun, umore eta bizipozak mitoa handitzea lortu zuten. Hubert-ek bere lehen banda James Cotton-ekin batera sortu zuen, baina segituan Howlin´Wolf berberak Sumlin-en kitarrarekin bluesa jotzeko zuen estilo bereziaren berri izan zuen, eta berarekin Chicagora eraman zuen. Wolf 1976.ean hil zen arren, Sumlin-en soinuak bizirik iraun zuen eta laster bere bidea bakarka jarraitu zuen. 2007.ean Hondarribiara etorri zitzaigun eta beste bi eszenatokiko legenda batu zitzaizkion: Bob Margolin eta Willie “Big Eyes” Smith, kontzertu paregabea eta ahaztezina eskeiniaz.

2006 BOB MARGOLIN

Bob Margolin (Boston, 1949) Bi urtez jarraitan gurekin izan genuen Hondarribian, eta lehen edizioko apustu nagusia izan zen antolatzaileen aldetik. Benetako sufrikarioa gertatu zen gurera ekartzea, baina azkenik merezi izan zuen, zalantzarik gabe. Bob Margolin, Chicagoko Muddy Watters izan handiaren kitarrajolea izan zen 1973 eta 1980 artean, eta 2006.ean bere ahotsa eta kitarraren bidez “Hoochie Coochie Man” edo “Manish Boy” bezelako kantuak entzuteko aukera izan genuen Hondarribian. Nork pentsatuko zukeen duela zenbait urte?.