Musikaren bidez munduan bakea hedatu, sortu eta bultzatzeko sorturiko mugimendua da Playing For Change. 2005. urtean, "mundu inguruko abestiak" kontzeptua sortu zuen Mark Johnson produktore estatubatuarrak. Stand By Me-ren bertsioa da lehenengoa, musikariek interpretatua eta Himalayako mendien, Hegoafrikako townships-en, Bartzelonako eta New Orleánsko kaleen artean grabatua. Handik urte batzuetara, 50 milioi aldi baino gehiagotan ikusi da bideo hau Interneten.
Arrakasta horri, eta mundu inguruko beste abestiek izandakoari esker, sortu ziren Playing For Change Band eta Playing For Change Fundazioa, musika eskolak eta hezkuntza programak bideratzen dituena honako hauetan: Ghana, Mali, Hegoafrika, Nepal eta Rwanda. Eskola horiek berebiziko garrantzia dute kultur ondare eder hau zabaltzeko eta gizarte nahiz ekonomi jarduera sortzen dute garatze bidean dauden lurraldeetan.
Songs Around The World beren lehen albuma atera zutenetik, haren 300.000 kopia baino gehiago saldu ondoren, hainbat disko eta bideoklip egin dituzte eta elkarlanean aritu dira Nazio Batuak bezalako erakundeekin. Ekoiztutako bideo gehienak askatasun osoz eskuragarri daude haien web orritik (www.playingforchange.org).
2011. urtean estreinatu zen Playing For Change-ren kapitulu berria: PFC2- Songs Around The World. 150 musikari baino gehiago izan dira album honetan parte hartu dutenak, 25 lurraldetakoak, honako hauek, besteak beste: Baaba Maal, Keb' Mo, Grandpa Elliott, Taj Mahal, Tinariwen, Carlos Vives, Stephen Marley, Clarence Bekker, Char and Toumani Diabaté. Nahaste eztandagarria, inolaz ere, planetako eszenatoki ospetsuenetako batzuetan izana jada.