Madrilen sortu zen 1981ean, baina sehaskako umea zenetik noranahikoa izaki, Argentina eta Kantabriako semetzat ere badu bere burua, New Yorkeko hiriaren ukituarekin, azken hiri honetan eman baitzuen bere nerabezaroa eta bertako musiketatik edan baitzuen. Orain arte ezagunagoa aktore delako, musikari bikaina da Jimmy. Aktore eta musikari ez ezik idazlea ere bada.
11 urte zituenean ekin zion bere karrerari abesten eta "Miserableak" rock-opera interpretatzen. Gero telebistara egin zuen jauzi denbora-pasa saioetarako sketchak eginez. 1995ean lehen urratsak egin zituen zinean Alex de la Iglesiaren eskutik, "El Día de la Bestia" filmean, eta 20ren bat filmetan agertu da harrez gero.
Telebistaren bidez egin zen ezagun ikusleen artean, "Hermanos de leche", "Al Salir de Clase", "El Comisario" eta, nola ez, "Los Serrano" bezalako saioetan agertuta.
Musikagile eta abeslari gisa hamar urte baino gehiago dira Jimmyk lehen urratsak egin zituenetik, eta beti egon da bere bizitzan zehar une oro lagun izan duen musika amerikarraren eraginpean. Abeslari gisa hainbat taldetan ibilia da, haren ahots beltz eta urratua beti protagonista. Jimmyren eztarria beti egon da Soulak, Bluesak eta Rock and Rollak kutsatuta.
2009an "Black Note" grabatu zuen Madrilgo SONOLAND estudioetan. 2012an "After the Blue Times" albuma argitaratu zuen. Antzezlari ezaguna ez ezik antzezten duen musikari aparta dela erakusten du lan honetan.
Berez urduria, lan handia egin eta gero, Jimmy Barnatanek iaz aurkeztu zuen bere hirugarren lan diskografikoa, ROOM 13, bluesaz blaituriko diskoa. The Cocooners eskarmentu handiko taldearekin erregistratu zuen Cubex estudioetan, eta Alex Angulo, Adriana Ugarte eta El Gran Wyoming bezalako antzezlari handien laguntzarekin.
Era berean, aipagarri dira Europako bluesaren esparruan garrantzitsuenetakoak diren bi jaialditan, Cazorlako mendikateko bluesaldian eta Hondarribikoan, egindako agerraldiak, oroitzapen ahantzi ezina utzi baitzuen haren ahots zoragarriak. Une honetan bere laugarren albuma izango den "Motor Club" lanarekin biran ari da.