Entzun ez ezik sentitu ere egiten duzu Sugarayk abesti bat abesten duenean. Aretoan asaldura nabaria da agertokira azaltzen denean; abeslari bikaina eta artista aparta da. Bera bezain bizia da haren ahotsa. Eskola zaharreko ahots estiloarekin Muddy Waters, Otis Redding eta Teddy Pendergrassen oihartzunak aditu daitezke.
Gizon garai eta handia da, baina halako xarmaz eta indarraz mugitzen da. James Brown handia gogoraraziko dizute haren dantza urratsek. Texasen sortua, bateria jotzen eta elizan abesten ekin zion bere musika karrerari Caron "Sugaray" Rayfordek.
Gospelaren eragina entzun eta nabari daiteke haren musikan. Barnekoia eta familiarra da haren adierazteko modua, eta bere ahots urratu liluragarriak zailtasunekin bizitako esperientzia iradokitzen du. Texasen hazi zen, baina txirotasunak eta galerak mugatuko zuten haren haurtzaroa. Gogoan du anai-arrebekin batean jostatzen zen jolas bat, denetan argalena nor zen erabakitzen zuen lehia; gerrikoan bete gabe geratzen ziren zuloak zenbatuta erabakitzen zuten irabazlea. Minbiziari aurre egiten zion bitartean, ama nola edo hala moldatu egin zen bera bakarrik hiru haur aurrera ateratzeko. Amaren heriotzak halako lasaitasuna ekarriko zion Rayfordi. "Oinazetan bizi zen" esan zuen semeak.
"Orduan amonaren etxera joan nintzen bizitzera, eta gure bizimodua hobetu egin zen pixka bat. Egunero jaten genuen eta elizara joaten ginen, izugarri gustatzen zitzaidan. Gospel eta soul doinuen artean hazi nintzen". Bizitokia Los Angelesen hartu eta gero, Sherman Oakseko Cozy's klub ospetsuan blues kontzertu baterako gonbidatzailea izatea eskatu zioten Sugarayri. Leku honi esker Sugarayk maila handiko musikari asko eta asko ezagutu eta haiekin batera jo zuen. Musikari hauei esker piztu zitzaion bere musikaren aurreko ikuspegian sakontzeko eta berau ezagutarazteko grina.
Los Angelesen loratu zen haren bakarkako karrera. Estudioko ahotsak egina zen hainbat proiektutan, azkenekoa City Lights filmaren trailerrerako Judge Joe Brownen gaiarentzat, baita laguntzeko ahotsak ere The Heavy Pets taldearentzat. Los Angeleseko gitarra jotzaile eta Slide Away estudioen jabe Chuck Kavoorasen laguna izan zen. Astelehen gaueko kontzertuetako musika zuzendari bihurtu zen Chuck. Taldearentzako artistak kontratatzen hasi zen, horien artean Sugaray, eta honenbestez sortu zen CK All Stars. Astelehenetako lehen zatian lehen mailako musikariek osatutako bertako talde honek jotzen zuen.
Randy Chertkoff/Delta Groove Records diskoetxeak ezagutu eta gutxira, Delta Grooveren familia bihurtu zen Suga. Gaur egun Mannish Boys taldeko burua da Suga Finis Tasby bluesman handiarekin batean.