Behinola, bluesa errege zenean eta Louisianako hegoaldea musika amerikarrak ezagutu dituen musikari handienetako batzuen sehaska zenean, Lazy Lester topatuko dugu haren bihotzean. Iraganak dira egun haiek, baita egun horiek argiztatu zituztenak ere. Baina Lesterrek tradizioari eusten dio oraindik, ia berak bakarrik, urtean hainbat aldiz mundu osora eramanez. Bizirik dagoen iragana izaki, inoizko eskaerarik handiena du orain haren talentuak.
Azken buruan, gutxi dira artean bizirik dirauten eta Lesterrek Excello Records zigiluarekin 50. eta 60. hamarraldietan bizitako arrakasta handiak izan dituzten blues musikariak, oraindik gazte zirenean bezain zehatz eta egoki jotzen agertzen direnak. Lesterrek deus ez du galdu bidean, areago, ahotsa aberastu egin zaio adinean aurrera egin ahala, eta bere unerik gozoenean dagoela esan genezake.
Leslie Johnson 1933ko ekainaren 20an jaio zen Lousianako Torras herrixkan, Mississippiko estatuko mugatik gertu. Gurasoak, Robert Johnson eta Maggie Hartford. Baton Rougeko Scotlandville auzoan hazi zen. Gaztetan gasolindegi batean egin zuen lan lehenik, egurgile gisa jarraian eta denda batean gero. Hain zuzen ere denda horretan erosi zituen aho-soinu bat eta Litte Walterren "Juke" grabazio ezaguna. Aho-soinua jotzen hasi zen Lester, eta denbora gutxian bihurtu zen musikari bikain.