Donostian jaio zen (1979). Piano Jazz ikasketetan lizentziatua da, eta bluesa da bere pasio handia hamabi urte zituela piano klasikoa jotzen hasi zenetik. 60. urteetako Rhythm & Blues talde britainiarren bidez izan zuen bere lehen harremana Bluesarekin. Hamabost urte zituenetik dabil eszenatokietan eta bluesaren piano tradizioan murgildurik dabil gaur egun, Stride edo Boogie Woogie bezalako estiloetan. 2011. urtean atera zen argitara, Gaztelupeko Hotsak etxearen eskutik, bere lehen lana bakarlari gisa, “Tracks”, pianoa eta ahotsa dituen diskoa. Beregan honako hauek izan dute eragina, besteak beste: Alan Price, Jerry Lee Lewis, Roosevelt Sykes, Memphis Slim, Otis Spann, Sunnyland Slim, Dr John, Professor Longhair edo James Booker.
Bere taldearekin, Stay blues, hainbat Blues jaialditan hartu du parte eta bost urtez segidan Donostiako Jazz jaialdian. 2007ko udan atera zuen bere lehen diskoa taldeak.
Gainera, beste hainbat talderekin ere ibiltzen da elkarlanean Paul San Martín. Nico Wayne Toussaint aho-soinu jotzaile frantsesarekin, The Romanticos hirukotearekin, edo Soulbros Soul-Jazz taldearekin. Era berean, eta une jakin batzuetan, Otis Grand gitarra jotzaile ingeles-libanoarrarekin, Gerry Hundtekin, mandolina blues jotzaile handiarekin egin du lan, eta baita Lluís Coloma piano jotzailearekin, edo Billy Boy Arnold bluesaren legenda handiarekin ere. Joan den urtean, berriro ere Gaztelupeko Hotsak etxearekin, Paulek bere azken lana eman zuen argitara piano eta ahotsarekin, “Paul’s Mood”, beste piano murgilketa bat Blues estilo desberdinetan.