Guztira hamasei bandak eta bluesari emandako hamarnaka artista handi bilduko dira Txingudiko badiaren bazterrean Hondarribiko Bluesaldiaren hamabigarren edizio honetan, datorren uztailaren 13tik 16ra bitartean, biak barne. Lau agertokitik igaroko dira bluesaren munduko izar hauek, eta guztira 24 emanaldi eskainiko dituzte, kontzertu guztiak doan.
Programa gaur aurkeztu da ofizialki Donostian, eta bertan izan dira Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu, GFAko Kultura Saileko Proiektu Estrategikoen zuzendaria Patxi Presa eta bluesaldiko zuzendari Carlos Malles.