Iaz bere aurpegi solidarioarena erakutsi zuen Bluesaldiak, eta abian jarri zuen Blues for Children proiektua. Proiektu honetan hainbat erakundek parte hartzen dute haurren alde lan egiteko. Jaialdiaren zortzigarren edizio honetan leku berezia egingo zaio Amerikan, Afrikan eta Asian giza laguntza emateko programetan lanean urteak daramatzan Behar Bidasoa tokiko GKEari.
Zehazki Bidasoaldeko GKE honek hiru kontinente horietako hamar herrialdetan, bereziki Kolonbian eta Tanzanian, garatzen duen besoetakotze-programaren berri emango du Jaialdiak irauten duen egunetan. Programa hauei esker heziketa eskaintzen zaie bestela horrelakorik jasoko ez luketen haurrei, eta batzuetan harrera-leku bat eskaintzen ere zaie.
Blues Village aldean erakundearen informazioa emateko eta elastikoak saltzeko postu bat egongo da. Era berean, jaialdiko txapak jarriko dira salgai postu horretan, eta GKEari emango zaizkio bertan bildutako funtsak.