Bluesaren maisuak berriro ere Hondarribian


Robert Cray, Eric Sardinas edo Virginia Labuat, besteak beste, jaialdiaren zazpigarren edizioan, uztailaren 12tik 15era
 

Hondarribia Cross Roads saila, berriz, Chicagori eskainiko zaio, interprete zerrenda handiarekin: Tail Dragger, Eddie Shaw edo Zora Young

Hondarribia Blues Jaialdia egiteko hiru hilabete eskas geratzen direnean, zazpigarren edizioaren programaren aurrerapena eskaintzen dute jaialdi horren antolatzaileek. Oraingoan ere, bluesaren nazio eta nazioarte mailako izen handiak bilduko dira Txingudi badiaren ertzean.Bi izen handi nazioarteko interpreteen artean: Robert Cray (musikagilea eta gitarra jotzailea, bost Grammy sariren irabazlea) eta Eric Sardinas (gitarra jotzaile bikaina, slide gitarra teknikan hoberenetarikoa).

Aipamen berezia merezi du Hondarribia Crossroad sailak, lehen mailako artistak biltzen baititu urtero ekitaldi bakar eta errepikaezina eginez. Chicagori eskainiko zaio oraingoan. Bluesa maite dutenek izango dute aukera Tail Dragger, Zora Young eta Eddie Shaw-en ahots bereiziekin gozatzeko, luxuzko taldeak lagunduta: Bob Stroger (baxua), Kenny Smith (bateria), Johnny Iguana (teklatuak), Rockin' Johnny (gitarra) eta Omar Coleman (aho-soinua).

"Garai latzak bizitzen ari garen arren, lan asko egin ondoren”, dio Carlos Malles, antolakuntzakoak, “lortu dugu Bluesaldia aurrera ateratzea. Aurreko urteetan bezala, aurten ere nazioarte mailako artista hoberenetako batzuk izango ditugu Hondarribian. Horien artean, aipagarri dira, Robert Cray, Eric Sardinas eta Chicagoko hainbat interpretatzaile handi"."Bluesaren zale amorratuak izaki, Chicagokoa da gehien gustatzen zaigun estiloa”, adierazi du Mallesek, “eta horregatik erabaki dugu edizio honetan era honetako bluesari eskaintzea Crossroads atala. Interpretatzaile hoberenetarikoak bilduko ditugu eszenatoki berean, Tail Dragger, Eddie Shaw edo Zora Young, besteak beste, Bob Strogerek, Kenny Smithek, Johnny Iguanak eta Omar Colemanek osaturiko talde ikusgarriak lagunduta. Hauxe izango da, inolako zalantzarik gabe, aurtengo edizioaren une handietako bat".

Era berean, oraingoz honako hauek eman dute baiezkoa nazioko interpretatzaile eta banden artean: Virginia Labuat (gehien saldurikoen zerrendan egon dira askotan haren diskoak eta singleak) eta Fede Aguado-Osi Martínez (kaleko blues madrildarraren mamia) eta Txus Blues-Jose Bluefingers bikoteak (bi bartzelonar, musika ibilbide luzea dutenak, “bluesaren dramatizatzaile” gisa ezagutzen direnak generoa inolako lotutasunik gabe ulertzeagatik). 

Edizio bakoitzean talde euskaldunen bat bultzatzeko asmoari tinko eutsirik, bluesaren izen handiekin eszenatokia partekatzeko aukera izan dezan, White Towels taldea izango dugu aurten Bluesaldian, talde gipuzkoarra, eta zalantzarik ez dugu, urrun egon arren, lortuko duela Chicagoko south side estilo garbiaren giroa sortzea. 

Muddy Waters-en oroitzapena

Begoña Ociok egin du zazpigarren edizio honen kartela, Muddy Waters blues maisuaren omenaldi eta oroitzapen bikaina, benetako maisua izan baitzen hura genero horretan, eta musikaren historian lehena eta geroa markatu zituen bere ahots lodiarekin eta bere gitarra elektrikoarekin.  Bluesman klasiko horren marrazkia ageri da aurtengo lehiaketaren kartelean, eta 50 eta 60. urteetako Chicagora ere eramaten ditu zaleak.

Bluesaldia Newsletter

Jaialdiarekin loturiko berrikuntza guztiak ezagutzeko, Hondarribia Blues Jaialdiak aldizkari elektronikoa izango du edizio honetatik aurrera, eta haren harpide egin daitezke nahi duten guztiak. Azken berriak, elkarrizketak, programazioa eta abar ezagutzeko aukera izango duzue aldizkari horretan. Jaialdiaren web orriaren bidez egin daiteke harpidetza: www.blueshondarribia.com Aipatzekoa da Blue Visión, S.L.k antolatuko duela jaialdi hau eta honako hauen laguntza duela: Hondarribiko Udala, Kutxa, Calsberg, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. 
Hondarribia, 2012ko apirilak 20