“Cigar Box" du izena datorren uztailaren 13tik 15era Txingudi badiaren ertzean egingo den Hondarribiko XIII. Bluesaldiaren irudi izango den kartelak. Jatorria hogeita hamargarren urteetan Mississippiren deltan duen tresna horretan inspiratu da diseinatzailea, Sergio Pérez –harexek egin zuen 2016ko kartela ere-. Soil-soilik puru kaxekin eta alanbrearekin egina da tresna.
Irudi horrekin, inolako zalantzarik gabe bere funtsaren zati handia dena errebindikatu nahi du oraingoan ere Hondarribiko bluesaldiak: blues jatorrena eta inguruan duen guztia berreskuratu nahi du blueszaleentzat. Hala, aurtengo kartelak unibertso horren atal klasikoenerantz eraman du artista.
Garai hartako zurezko zigarro kaxak eta alanbrea, horiexek izan ziren tresna horri bizia eman zioten material xumeak, eta musika sormenaren ikurtzat har dezakegu ongi asko.
“Kartela egin aurreko elkarrizketetan", adierazi du Sergio Pérezek, “argi geratu zitzaidan Bluesaldiaren antolatzaileek bluesaren mundu klasikoena oso zuzenean islatuko zuen irudia nahi zutela urte honetarako", gaineratu du, “cigarbox gitarra mitikoak aurkitu nituen, tipografia eta apaindura mundu guztiz aberatsa eskaintzen dutenak, eta haiexek izan nituen inspirazio iturri diseinatzen hasteko."