21:30ean hasiko da Hondarribiko Bluesaldiaren hamahirugarren edizioa, Bentako eszenatoki nagusian, aurten jaialditik pasako den lehen talde euskaldunarekin: Noa Volldam & The Hell Drinkers, Ainhoa Eguiguren abeslari donostiar ezagunarekin,Manu Gestido, Gus González eta Sergio Villarrekin batera.
Ondoren, 22:30ean, JT Lauritsen & The Buckshot Hunters norvegiarren txanda izango da, blues talde guztiz bizia, hogei urte baino gehiago daramatzana errepidean, sei album arrakastatsu ditu eta baita beren diskografia zigilua ere.
Eta gauerdian, eguneko izarrak: Canned Heat taldea, Larry Taylor baxu jotzailearekin eta Fito de la Parra bateria jotzailearekin, taldean jarraitzen duten sortzaileetako bi, John Paulus eta Dale Spaling-ekin batera. Aukera ezin hobea gaurkoa, Europan barrena egiten ari diren “On the Road Again” biraren barnean Espainian egingo duten kontzertu bakarra baita. Gauerdian iritsiko da Taylor-ri eta De la Parra-ri ohorezko saria emateko unea, ohiko txapela brodatua.