Iritsi, ikusi eta irabazi

Julio Zesarrek bezala. Horixe izan zen Eric Burdon abeslari britainiarrak Bluesaldia 2013ko azken egunean egin zuena, bere ahotsari –indartsua, nortasun handikoa- eta laguntzen zion talde bikainari esker. Maila handiko kontzertua izan zen benetan, milaka lagun bildu zituen eta oso goian utzi zuen muga.

Benta eta inguruko kaleak jendez gainezka, hasi zen momentutik jendea erabat emana, txalo izugarriak egin zizkioten Hondarribia Blues 2013 jaialdiko sariaren irabazle bilakatzen duen txapela eman zitzaion unean. Hainbat momentu hunkigarri izan baziren ere, “The house of the rising sun” abestiaren lehen akordeekin etorri zen eromena, ezinbesteko pieza, inolaz ere, arrakasta handiko abestiek eta abesti berriek osatutako errepertorio bikainean, gain-gaineko zortzi instrumentu jotzailek osatutako taldea lagun zuela.