New Orleans hiri berdingabea da munduan arrazoi askorengatik: musika estiloen hazitegia, kultur aniztasuna eta tradizioak ditu bereizgarrietako batzuk. Eta ohitura bitxienetako bat dute hileta moldea. Banda honek ikuskizun jator, berezi eta guztiz harrigarria eskainiko du: jazzaz blaituriko hileta segizioa.
Igandean, hilak 15ean, 19:00etan, hobe izango dugu San Pedro kalean egingo den segizioa galtzen ez badugu. XIX. mendeko lehen urteetakoa da Hileta Jazza, beltzek, esklaboak izan ala ez, zenduari ehorzketa duina emateko xedean, indarrak eta zeuzkaten baliabide urriak biltzen zituzten garaikoa. Joatekoan lasai ibiltzen dira, bandak interpretatzen duen hileta martxaren erritmo geldoan. Behin zenduari lur eman eta gero, turuta bidezko dei batek adierazten die bertaratuei erritmo aldaketa.
Orduan, zenduak izandako bizitza ospatzen dute segizioko pertsonek, eta gogotik egiten dute dantza haren arima askatzen laguntzeko, attrezzo guztia agerian jarriz, zapiak eta haizemaileak astinduz eta aldean eramaten dituzten koloretako eguzkitakoak biraraziz.