Jimmy Barnatán & The Cocooners

Santanderren sortu zen 1981ean, baina sehaskako umea zenetik noranahikoa izaki, Argentina eta New Yorkeko semetzat ere badu bere burua, azken hiri honetan eman baitzuen bere nerabezaroa eta bertako musiketatik edan baitzuen.

 Orain arte ezagunagoa izan bada ere aktore gisa, musikari bikaina da, eta gainera idatzi egiten du, bi eleberri eman ditu argitara, eta hiru urtez idatzi du El Mundo egunkariaren edizio digitalean, Letra Internacional bezalako sona handiko literatura aldizkarian ere artikuluak idatzi dituela. Bestalde, esatari laguntzaile gisa ere jardun du Hoy por Hoy eta Protagonistas bezalako irratsaio ezagunetan.

 11 urte zituenean ekin zion bere karrerari abesten eta “Miserableak” rock-opera interpretatzen. Gero telebistara egin zuen jauzi “El Peor Programa de la Semana” eta “Inocente, Inocente” bezalako saioetarako sketchak eginez.

 1995ean zinean egin zuen lehen agerraldia Alex de la Iglesiasen eskutik, “El Día de la Bestia” filmean, eta orduz geroztik gutxi gorabehera 20 filmetan lan egin du, besteak beste, “Torrente, El Brazo Tonto de la Ley”, “El Corazón del Guerrero”, “Visionarios” eta “El Robo más Grande Jamás Contado” filmetan.

 Musikagile eta abeslari gisa hamar urte baino gehiago dira Jimmyk lehen urratsak egin zituenetik, eta beti egon da bere bizitzan zehar une oro lagun izan duen musika amerikarraren eraginpean. Abeslari gisa hainbat taldetan ibilia da, haren ahots beltz eta urratua beti protagonista. Jimmyren eztarria beti egon da Soulak, Bluesak eta Rock and Rollak kutsatuta.

 2009an, Carlos Martoselek eta Rubén Bubby Ortizek ekoitzirik, Madrilgo SONOLAND estudioetan grabatu zuen bere lehen lana, “BLACK NOTE”, eta lan hau izan zuen bere aurkezpen txartela 2010eko martxoan Madrilgo Clamores areto mitikoan eskaini zuen kontzertu zoragarrian, gero Espainia osoan barrena bira oparoa egin baino lehen.

 Eta 2011ko irailean argitaratu zuen jendeak eskuratzeko moduko lehenengo albuma, “AFTER THE BLUES TIMES”. Lan honekin geure geografia osoko bazter guztietara iritsi zen, eta agerian utzi zuen aktore oso ezaguna izateaz gainera musikari aparta ere badela.

 Orain “The Cocooners” taldearekin eta “Room 13” disko berriarekin itzuli da indartsu. Lan hau Berkleen, Bostonen, masterizatua izan da, bertan egin dira egin beharreko nahasketak. Lan oso-oso berea du, jatorrizko 5 gai 50 urteetako 6 irrati pasarterekin nahasten baititu Bluesaren historia osatzeko, dagozkion planteamendu, korapilo eta amaierarekin.