Lehen mailako artistekin osatuko da HBF

Dagoeneko osatua du bere egitaraua Hondarribiko Bluesaldiaren zazpigarren edizio honek. Estatuko eta nazioarteko hogeiren bat talde eta artista izango ditugu jaialdi honetako lau agertokietan, uztailaren 12tik 15era, biak barne. Guztira 18 emanaldi eskainiko dituzte jendaurrean eta doan.

Kontxako badiaren erdigune hau aukeratu dugu Jaialdiko egitarau ofizialaren berri emateko eta edizio honetan eskainiko diren berrikuntzak azaltzeko. Donostia Hiria katamaranean izan ditugu Hondarribiko alkate Aitor Kerejeta, Eusko Jaurlaritzaren Turismo arloko zuzendari Isabel Muela, Kutxabanken babesletza arduradun Susana Montoya eta Jaialdiko zuzendari Carlos Malles.

Krisialdi ekonomikoa sektore guztietan nabaria den arren, Mallesek azpimarratu egin du Bluesaldiak “eutsi egin diola artista parte hartzaileen maila handiari, emanaldi guztiak doakoak izateari utzi behar izan gabe”.

 Egungo izarrak eta bluesaren handiak

Izan ere, une honetako blues izar handienetako biren emanaldiekin gozatu ahal izango dute zaleek, Eric Sardinasekin eta Robert Crayrekin. Gainera, aurten Chicagoko hiriari emana egongo den Hondarribia Crossroad sekzioak agertoki batera eta berera bilduko ditu Tail Dragger, Zora Young eta Eddie Shaw bezalako artista handiak, nekez errepikatuko den emanaldian.

Eta ez da hor amaitzen Hondarribira etorriko diren nazioarteko artisten zerrenda. Beren azken lanak aurkeztuko dituzte Rockin’ Blues Gospelaren printzesa izenaz ezagunagoa den Sharrie Williamsek, Playing for Change taldeak eta JW Jones kanadarrak, batzuek Europako herrialdeetan barrena eskaintzen ari diren biraren baitan.

Estatuko izarren artean Huckleberry Finn, Fede Aguado eta Osi Martínez, Virginia Labuat, Txus Blues eta José Bluefingers aurkituko dituzte blues zaleek. Bukatzeko, handienekin afixa partekatzeko aukera ematen zaion tokiko talde bezala, White Towels Blues Band talde gipuzkoarra izango dugu

Elkartasunezko txapa

Jaialdiaren antolakuntzak Blues for Children izenaz bataiatutako elkartasunezko ekimena abiarazi du aurten. Edizio guztietan funtsak bilduko dira haurrei laguntzeko erakunde batentzat. Aurten Save the Children GKEarekin izenpetu da lankidetza. Bereziki jaialdi honetarako sortu eta hainbat puntutan salgai egongo den “elkartasunezko txapa” erosita lagundu ahal izango da.

“Badakigu iraunkortasun osagai bat behar dutela izan hainbeste lagun biltzen dituzten jaialdi hauek”, azaldu du Carlos Mallesek, “eta birziklatutako ontziez eta garbikarien ontziez askoz ere haratago doan kontu batez ari naiz. Zaletasun baten edo aisialdirako ekitaldi baten ingurura biltzen diren talde handi hauek gizarte izaerako arazo bat konpontzeko aukera izatea da kontua. Aurten Afrika Mendebaldean (Niger, Mali, Mauritania eta Burkina Faso) bizi diren haurrentzat izango da laguntza, alde hartan urteak baitira krisi humanitarioa nagusitu zela”.

Agertokiak eta jarduerak

Bluesaldiak, berriro ere, hainbat agertoki izango ditu kalean: nagusia, Bentan; Calsbergena Apezpiku plazan; Gazte Taldearena Gipuzkoa plazan eta Coca Colaren agertokia San Pedro kalean.

Era berean, kontzertu pedagogikoak eskainiko dira, eta gastronomiarekin lotutako kontuak izango dira, esate baterako, herri paella eta barbakoa, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren.

Jendearen emana

Aipatzekoa da, 2010. urtean, guztira 60.000 lagun etorri zirela Jaialdira, eta azken edizioan, berriz, 80.000 izan ziren. Zalantzarik gabe eragin handia du jendetza honek Hondarribiko hirian, nola dendetan hala ostalaritzan eta ostatuetan. Bidasoako hiri honetaraino iristen dira Europako herrialde askotako eta baita Atlantikoz bestaldeko herrialdeetako zale ugari.

Hain zuzen ere, azken kapitulu horretan, esan behar da, Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailak pakete turistikoa diseinatu duela aurten, musika ekitaldi garrantzitsu honekin batean bisitariei beste erakargarri batzuk eskaintzeko, gero eta urrunagotik etortzen baitira gainera. .

Era berean, aurten, eragin ekonomikoaren azterketa egingo da berriro ere, 2010. urtean egin zen bezala, musika ekitaldi handi honek Hondarribiko hiriko eta eskualdeko ekonomian duen eragina ezagutzeko. Aipatzekoa da, Bidasoa Bizirikek 2010ean egindako azterketaren emaitzen arabera, 2 milioi eurotik gorakoa izan zela Bluesaldiak hirian izan zuen eragin ekonomikoa.

 

“Benetan gustatzen zaigu, guk hainbeste maite dugun zerbait, bluesa eta jaialdi hau, Hondarribirako ere ona dela pentsatzea”, dio Carlos Mallesek, “baina onartu behar dugu, eta eskertzekoa da noski, hiriak benetan harrera ona egin digula lehen ediziotik, bai Udalak bai herritarrek berek”.