Gaztea zenetik bluesean kontuan eduki beharreko indarra azaldu zuen Shemekia Copelandek. Bere ibilbidean zehar sarritan izan da jaialdi handitako afixa-buru, esate baterako Chicagoko Blues jaialdian eta B. B. King Blues Festival jaialdi ezagunean, eta mundu osoan barrena abestu duela esan behar dugu. Atlantikoaren alde bietako Critics Choice sariak jasoa da (The New York Times eta Londresko The Times). Buddy Guy, BB King, Mick Jagger eta Eric Clapton bezalako izarrekin partekatu du agertokia, eta Etxe Zurian ere jo du Obama eta haren emaztearentzat. Bluesaren tradizioaren oinordeko, Ruth Brown, Etta James eta Koko Taylor bezalako izarrak ditu ipar.
Copelanden ahots indartsuak betiereko ahala ematen dio musikari, premiatsu egiten du. Arimaren barrutik eta hazten ikusi zuen kaletik datorkio musika, hiriko eguneroko hotsez –kaleko artistak, ebanjelio abeslariak, irratiak, herrietako parkeetako taldeak eta beste– inguraturik bizi izan baita.
1979an New Yorkeko Harlem auzoan sortua, apurka-apurka iritsi zen Copeland abeslari izatera. Haren aitak, Texaseko izen handiko blues gitarra jotzaile Johnny Clyde Copeland zenak, hasiera-hasieratik ezagutu zuen alabaren talentua. Beti bultzatu zuen etxean abestera, eta zortzi urte besterik ez zituenean Harlemeko Cotton Club areto guztiz ezagunera eraman zuen bertako agertokian abestera. Abesteko irrikari esker gainditu zuen Shemekiak bere lotsa. Baina hamabost urte zituenean eta aitaren osasuna kale egiten hasi zenean, zeharo aldatu zen haren ikusmoldea. “Nire buruan etengailu bat piztu izan balitzait bezala gertatu zen, eta nik abestu egin nahi nuen”, dio Shemekiak. “Desira eta premia bihurtu zen. Egin egin behar izan nuen.”
19 urte zituenean aitaren itzaletik atera zen Shemekia. 1998an Alligator Records diskoetxearen eskutik debutatu zuen oso kritika onak jaso zituen Turn the Heat Up! lanarekin. The Vilage Voice agerkarian “besterik gabe bikaina” esan zioten, eta Biston Globen “bizitasun bero batez orro egiten du” argitaratu zuten. Urte bete geroago Tango para tres filmean ikusiko genuen, eta haren abesti “I Always Get My Man” Broken Hearts Club filmean azalduko zen.
2000. urtean argitaratutako bigarren albumak, Wicked izenburukoak, hiru Handy sari jaso zituen (Urteko Abestia, Urteko Blues Album onena eta Urteko Emakumezko Artista Garaikidea) eta GRAMMY saria jasotzeko izendatua egon zen. Bi urte geroago New Orleanseko izar R & B l Dr. Johnek esku hartuko zuen Shemekiaren hirugarren diskoa ekoizteko, Talking To Strangers (2002). Vibek “rockaren eta baladen arteko nahasketa harmoniatsu garbia” hitzak erabili zituen lan hau definitzeko orduan.
Copelandek The Truth Soul lana argitaratu zuen 2005ean. Album hau Steve Cropper Stax gitarra jotzaile handiak ekoitzi zuen (CDan ere ageri da haren ekarpena), eta lan honetan ez dira gutxi Memphiseko blues, funk eta soul ahogozoko dosiak.
Concord Music Group taldearen banaketaren ostean osatutako Telarc etxearekin lehen urratsak 2009an egin eta Never Going Back lana argitaratu zuen, bidegurutzean utziko zuen lana hain zuen. Copeland bere blues sustraiei beti lotuta jarraitzeko prest ageri denean, jarrera aurrerakoiagoa ageri du Never Going Back lanean, eta horrek erabateko eragina izango zuen bere ibilbidean. Lan hau Oliver Woodek ekoitzi zuen, eta besteak beste John Medeski, Marc Ribot eta Chris Wood izan zituen artista gonbidatu.
“Arrakastatsua gertatu da nire karrera, eta pozik nago”, dio. “Baina horrek ez du esan nahi hazten jarraitu nahi ez dudanik. Artista –eta generoa– hazten jarrai dadin gauza berriak egin behar dira. Harro nago blues abeslaria izateaz, baina horrek ez du esan nahi kantatzeko gai naizen genero bakarra denik edo soilik musika mota hori egiteko gai naizenik”.
Eta hauxe gehitzen du: “Hazten jarraitu nahi dut. Honetan hasi nintzenean musika honekin zerbait ezberdina egitea nuen helburu nagusi, musika honek baduelako bidea egiteko eta hazteko. Nire aitarengandik jasoa dut ideia hori. Hark ez zituen ohiko lauzpabost bluesak osatu. Afrikara joan eta hango musikariekin egin zuen lan. Hori egin zuen aurrenetako blues artistetako bat izan zen. Nik berdin egin nahi dut. Berritzailea izan nahi dut bluesarekin”.
Copelandek beste album bat grabatu berri du. Lan hau Oliver Woodek ekoitzia izan da eta Telarc etxeak jarri du salgai 2012ko irailaren 25ean.