AND THE BLUES HONDARRIBIA AWARD GOES TO… BOB STROGER

Hamargarren edizio honetan Bob Stroger baxu jotzaileak izango du Hondarribiko Blues Elkarteak bizi osoa bluesari lotuta egoteagatik ematen duen txapela janzteko ohorea.

Inork ezin uka dezake Bon Strogerrek sari hau jasotzeko merezimenduak egin ez dituenik. 1955ean Chicagora joan zenetik, bluesari eman dio bizitza osoa Missouriko bluesman honek. Howlin' Wolf eta Muddy Waters bezalako artistek jo ohi zuten klub baten gibelaldean bizi izan zen aurreneko urteetan hiri hartan. Eta hain zuzen orduan heldu zion amuak, harrez gero bluesari estu lotuta bizi izan baita.

Hasteko bere taldearekin jotzen, gero Eddie King bezalako artista handiekin, eta geroago, Otis Rush bezalako izarrarekin, besteak beste. Gaur egun izarra da Bob Stroger, oso ongi ordaindutako baxu jotzailea da.

2010. urteko jaialdian arrakastatsu gertatu eta gero, berriro ere itzuliko da Hondarribira Muddy Watersen 100. urteurrena eta jaialdiaren 10. urteurrena ospatzera eta Blues Hondarribia Award 2015 saria jasotzera.