NAZIOARTEKO SARIA
HONDARRIBIA BLUES MUSIKA ELKARTEARENTZAT
Hondarribia Blues Musika Elkarteari, Bluesaldiaren alma materra izaki, Blues Foundation-en urteko saria eman diote, Keeping the Blues Alive (KBA) Awards 2015 delakoa, bluesaren mundua bultzatzeko denboran zehar ekarpen handiak egin dituzten pertsonei edo erakundeei ematen zaien saria, hain zuzen ere.
Erakunde gaztea bada ere, orain dela hamar urte baino gutxi gehiago sortu baitzen, nazioarteko erakunde horrek saritu egin nahi izan ditu aurten hamargarren edizioa egingo duen Hondarribiko Bluesaldiaren maila eta antolakuntza. Blues Foundation-ek berak azpimarratu ditu hemendik igaro diren izar handiak, esate baterako: John Mayall, Solomon Burke, Pinetop Perkins, Hubert Sumlin, Johnny Winter, James Cotton, Magic Slim, Eric Burdon eta beste.
Era berean, beste alderdi batzuk ere baloratu dira, bereziki Hondarribia Blues Musika Elkarteak hazia jarri izana European Blues Union sortzeko, eta bluesaren aldeko beste ekimen batzuk ere lehen unetik bultzatu izana, esate baterako, European Blues Convention, kontinente osoko artistak sustatzeko ahalegina egiten duena. Azkenik, aipagarria da, Elkarte honek erakutsi duen elkartasun alderdia, urte hauetan zehar hainbat blues kontzertu antolatu baititu elkartasuna erakutsiz zenbait GKEren alde.
Datorren urtarrilaren 23rako aurreikusia dago sari banaketa Memphisen (Tennessee), bluesaren jatorri egiazkoenetako batean.